«Merkatariek kontuan izan behar dituzte, teknologia berriak, profesionalizazioa eta erosketa ohiturak»

Duela 3 urte jarri zen martxan Buruntzaldeko Merkataritza Dinamizatzeko bulegoa Hernanin, eta ordutik Iñigo Martinez da arduraduna. Orain, Dendartean Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoa sortu berri da eta Aitziber Santa Kruz hernaniarra da bertako arduraduna. Aurretik, Urola Garaiko merkataritzan aritu da lanean. Bi bulegoak Ave Maria eraikinean daude, Berriak elkartearekin batera. «Horrek talde lana hobetzea posible egingo du, Hernani eta Gipuzkoako beste elkarte eta merkatarien arteko harremana hobetu eta zerbitzu egokiagoa eskaintzeko. Orain talde sendoagoa osatuko dugu», diote.

Hernanin ezaguna da Berriak Hernaniko Merkatari eta Ostalarien Elkartea, baina zer da Dendartean? Gipuzkoako Merkatari elkarteen bilkura da, herrietako merkatari elkarteek osatzen dute eta Berriak kide bat gehiago da. Denera, 19 elkarte biltzen ditu. Azken finean, herri bakoitzeko merkatari­tzak bere berezitasunak ditu, baina zailtasun eta arazo asko berdinak dira. Horregatik due­la 12 urte sortu zen Den­dartean eta helburu nagusienak dira, Gipuzkoako merkatari txikien interesak defenda­tzea, herri merkataritza bul­tzatzea, honen onurarako hirigintza sustatzea eta sektorearen profesionaltasuna lan­tzea, lehiakorrago izan daitezen.


Zein da Dinamizazio Bulegoen helburua eta merkataritza dinamizatzaileon lana? 
Herrietako merkataritza bizirik mantentzea da helburu nagusia. Horretarako bide ezberdinak lantzen ditugu. Alde batetik, ezinbestekoa da Udalaren eta merkatari elkartearen arteko elkarlana, eta baita beste eragileekin sortu daitezkeen proiektuak ere. Dinamizazio bulegotik saia­tzen gara, harreman horiek indartzen eta mantentzen. Bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin harremanetan gaude, proiektuak eta dirulaguntzak bideratzeko eta merkatariei eskaerak egiten laguntzeko. Horrez gain, bultzatzen dugu, denda txikiak profesionalagoak izatea eta garai berrietara egokitzea, lehiakorragoak izan daitezen. Kon­tzientziatu egin nahi ditugu merkatariak, konturatu daitezen bezeroen beharrek, erosketa ohiturek eta teknologia berriek duten garrantziaz. Hori guztia, bizirautea posible izateko.


Ze garrantzia dauka momentu honetan merkatari elkarte batean egoteak? 
Momentu honetan inoiz baino gehiago, merkatari txikien arteko elkarlana oso tresna baliagarria da. Ekintza eta proiektu asko aurrera eraman daitezke, herrietako merkatari eta ostalarien elkarteei esker, bakarka mar­txan jartzea ezinezkoak liratekeenak. Instituzioen aurrean indar gehiago izateaz gain, dirulaguntzak lortzeko aukera ematen dizu. Gainera, bazkide diren merkatariek, sektoreari buruzko lehen eskuko informazioa jasotzen dute, ikastaroak antolatzen dira eta azken finean, egoera zail honetan babes haundiagoa jasotzen dute.


Bezeroen erosketa ohiturak asko aldatu al dira?
Internet bidezko erosketak asko ari dira ugaritzen urtetik urtera. Gainera, badirudi he­rrie­tatik kanpo dauden merkatal zentru haundietan eta establezimendu handietan eros­ketak egiten jarrai­tzen duela herritarren por­tzentai haundi batek. Baina beste aldea ere hor daukagu, geroz eta gehiago konturatzen gara gure inguruko dendetan erosteak herriari ekartzen dizkion onurez. Jasangarritasunaren ideia ere (sostenibilidad), indarra hartzen ari da eta erosketa ohiturekin zuzenean lotuta dago: bertako produktuak erostea, produktuen jatorria eta kalitatea, kotxearen erabilera saihestea erosketak egiteko, plastikozko poltsen erabilera eta sortzen diren hondakinak gutxi­tzea... Denok egin beharko genuke hausnarketa bat gure ohiturek ingurunean izan dezaketen eraginaz. Nola egokitu behar dira merkatariak ohitura hauetara? Gure herrietan profesional asko dago eta benetan lan haundia egin behar izaten dute beren denda bizirik mantentzeko. Orain arte gertutasuna eta arreta izan dira puntu garran­tzitsuenak. Ga­rai berri honetan, bezeroari eskainitako arreta ona ematen jarraitu behar dute eta orain arte landu ez dituzten aspektu batzuk lan­tzen hasi: enpresaren kudeaketa profesionalagoa, teknologia berri­ak erabiltzea (webak, sare sozialak, internet bidezko salmenta...), ohitura berrietara ego­kitutako eskaintzak... bakoitzak ezagu­tzen du bere sektorea eta ingurunea, eta horren arabera landu behar ditu aspektu berri hauek. Pen­tsatzen dugu hori dela bizirauteko modu bakarra. Izan ere, aldaketa asko izaten ari dira momentu honetan eta lehiakortasuna oso haundia da.


Merkatariek egoera berrira moldatu behar dutela diozue eta instituzioek edo Udalek nola lagundu dezakete? 
Garrantzitsua da merkatarien elkarteekin kolaboratzea eta proiektu ezberdinak martxan jartzen laguntzea. Horrez gain, herriguneetatik kanpo merkataritza mugatu behar da eta kaleak egokitu behar dira, egin behar diren konponketak eginda. Giro atsegina eta erakargarria sortu behar da kaleetan.


Ze proiektu mota ari zarete lan­tzen Dendarteanetik beste herrietako merkatariekin batera? 
Momentu honetan hainbat proiektu ditugu esku artean eta 2013an martxan jartzea espero dugu: Internet bidezko erosketa plataforma bat, taldean erosi eta kostuak murrizteko; bezeroen datuak kudeatzeko programa; kalitatea merkataritzan; osagai osasungarriekin egindako hamburgesa eta saltxitxen patentea; sektore bakoitzari zuzendutako prestakuntza; vending makinen tendentzia eta prezioen ikerketa… Azken finean, herri bateko elkarteari bere kabuz martxan jartzea zaila egingo litzaizkiokeen proiektuak sortzen dira.


Esan bezala, Hernanin Berriak elkartea dugu, nola baloratzen duzue elkartearen lana? 
Balorazio positiboa egiten dugu. Berriak elkarteak ekin­tza ugari antolatzen ditu herriko merkataritza indartzeko: Bezeroaren Astea eta Haragi festa, stock azokak, Berriak txartela... Aurten, Ba­kailaoa­ren Astea ere antolatu da Uda­larekin elkarlanean eta oso arrakastatsua izan da. Jarrai­tze­ko asmoa bada. Ho­rrez gain, txotx denboraldiari babesa ematen dio; izan ere, Berriak, ostalari bazkide asko dituen elkartea da. Hori bai, zenbait ekintza mantentzen ditu urtero, baina gehiago antolatzeko gero eta aukera gutxiago du, gero eta diru gu­txiago baitago.


Nola ikusten duzue Hernaniko egoera, denda asko itxi al dira? 
Orokorrean, herri guztiak antzeko egoeran daude. Hernanik txarra du Donostia gertu duela eta baita Urbil eta Garbera ere. Dena dela, denda batzuk itxi badira ere, portzentai haundi bat mantentzen da oraindik.


Orain merkealdi garaia da, mugimendurik ba al da Hernanin? 
Kontuan izan behar da, legea aldatu egin dela eta orain beherapenak nahi direnean egin daitezkeela, beharrezko eskaerak eginda. Dena dela, Hernanin errespetatu egin dira datak eta urtarrilaren 7an hasi ziren merkealdiak. Hori bai, kolpera %50eko deskontuak ikusi daitezke. Horrez gain, orain arte ez da inoiz Gabonetako promoziorik egin eta aurten bai, %20ko deskontuak egin dira. Genero gutxiago ere ekarri dute aurten dendariek, iaz asko geratu baitzitzaizkien sobran. Bezeroei dagokienean, dendariek azaldu digute, merkealdiak hasteko zain egon direla gauza potoloak erosteko. Gabonetako opariak erosi dira, baina batez ere konplementuak eta gauza txikiak. Orain, merkealdietan, asko eta asko dira berokiak eta halako gauzak erosteko aprobetxatzen ari direnak. Edozein merkatarik jo al dezake zuengana ala elkartekoa izan behar du? Azpimarratu nahi dugu, bazkide izan ala ez, gustora la­gun­duko diogula etortzen zai­gun merkatariari, edozein gairen inguruko zalantzak ar­gitzeko edo informazioa ema­te­ko.

Harremanetarako: 

Ave Maria eraikina. Telefonoa: 943 33 30 49. Emailak: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. (Iñigo Martinez). E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. (Aitziber Santa Kruz).

http://www.kronika.net/index.php?&Sec=03&Cod=221&Act=05


DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda

EUSKALDENDAK

Euskadendak Euskadiko Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen Konfederazioa

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.