«Jendeak arduratsu izan behar du nori ematen dion bere dirua»

Merkataritza txikiaren salmentak %4,9 jaitsi ziren iaz EAEn pandemiagatik. Bittor Lizarribar, Euskaldendak konfederazioko lehendakariaren iritziz, online salmentek zerikusi handia dute, baina baita jendeak gastatzeko duen beldurrak ere. Ezinbestekotzat jotzen du erosleen kontzientziazioa.

 

Bittor Lizarribar pertsonarik egokiena da merkataritzaren bilakaeraz eta egoeraz hitz egiteko, ez bakarrik Gipuzkoako Dendartean federazioaren sorreran parte hartu zuelako, orain dela hogei urte, edo azken hamarkada honetan Euskaldendak konfederazioko lehendakaria delako. Berrogei urte daramatza egunero-egunero bezeroei arreta ematen Oiartzungo Lizar harategian eta, bera oiartzuarra izanik, inork baino hobeto ezagutzen du merkataritza gune handiek denda txikietan duten eragina.

Zer da Euskaldendak?
Euskaldendak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen konfederazioa da. Denera, 75 elkarte gara eta 6.000 saltoki inguru. Orain dela bi hamarkada, Gipuzkoan Dendartean federazioa sortu genuen, baina gero Arabadendak eta Bizkaidendak federazioak batu zitzaizkigun. Martxoaren 2an egingo ditu, hain justu, hamaika urte.

Pandemia hasi zenetik urtea egitera doan honetan, zein da merkataritzaren egoera?
Egoera oso desberdina da denda mota batetik bestera. Janari denden kasuan, adibidez, pandemia mesederako izan dela esan genezake. Askotan esaten da krisialdiek gauzak aldatu egiten dituztela, baina nik esango nuke lehen zeuden tendentziak areagotu egiten dituztela. Eta nire kasuan, adibidez, hori da gertatu dena: lehen nahiko ondo ari nintzen saltzen, eta pandemia honekin oraindik hobeto.  

Eta zergatik uste duzu gertatu dela hori?
Alde batetik, egia da herrien itxiera perimetralak lagundu duela, baina badirudi gero eta jende gehiago ari dela hurbiltasunaren garrantziaz konturatzen. Ez bakarrik dendaren hurbiltasun fisikoaren garrantziaz, baizik eta inguruko produktuak kontsumitzearen garrantziaz ere bai. Jendea pixkanaka kontzientziatzen ari da globalizazioa ez dela dena mesederako. Adibidez, konfinamendua hasi zenean eta mundu guztia janaria erosten hasi zenean konturatu ginen hurbileko ekoizle txikiek hobeto hornitzen gintuztela handiek baino. Horregatik nik uste dut pentsatu beharko genukeela zer egitura sozioekonomiko sortzen ari garen eta zer garrantzia duen elikagaiak ekoizten dituzten produktoreak hemen bertan izatea.

Hala eta guztiz ere, janari dendak alde batera utzita, gainontzeko dendentzat ez da urte ona izan, ezta?
Hala da, merkataritzak oro har asko galdu du azken urte honetan. Lehen egoera txar batetik gentozen, alde batetik merkataritza gune handiek egiten zuten presioagatik, eta bestetik Internet bidezko salmenten igoeragatik. Eta orain, pandemiaren eraginez, ikusi da erosteko motibazioa asko jaitsi dela eta jendeak aurreztu egin nahi duela.

Baina argi dago Internet bidezko salmentak gora doazela. Zer estrategia ari zarete jarraitzen Euskal Dendak federaziotik kanal horretan posizioa hartzeko?
Guk une honetan www.dendago.com plataforma daukagu martxan, baina ez da erraza, hiru arrazoirengatik: teknologia, inbertsio ekonomikoa eta esfortzua. Interneteko plataforma bat ez da martxan jartzea bakarrik, horrek jarraipen lan zorrotza eskatzen du, stock handia behar da, erantzunak ere oso azkarra izan behar du… Eta lan hori guztia hartu eta gero, dendariak ez badu salmenta igoerarik ikusten, desanimatu egiten da. Ze ikusten ari garenez, prezioagatik edo aukeragatik, erosleak plataforma handietara jotzen du.

Orduan, zein izan daiteke denda txikien irtenbidea?
Gu orain herrietan plataforma txikiagoak sortzen ari gara, ondoren hauek guztiak Dendago-ra zuzentzeko. Modu horretan, herrietako komertzioak eta Interneteko plataforma uztartu nahi ditugu, kontsumitzailearengana hobeto iristeko. Hala eta guztiz ere, nik beti esaten dudana da erosleak arduratsu izan behar duela nori ematen dion bere dirua, nola banatzen duen bere dirua. Erosketa bat egiteko garaian lehentasuna ematen bazaio azkartasunari edo prezioari bakarrik, guk agian ezin izango dugu lehiatu.

Guk une honetan www.dendago.com plataforma daukagu martxan. Baina ikusten ari garenez, prezioagatik edo aukeragatik, erosleak plataforma handietara jotzen du

Laguntzarik eskatu al duzue zailtasunak dituzten denda txikientzat?
Bai, eskatu ditugu eta iritsi dira, bai autonomoentzat, bai alokairua ordaintzeko, eta abar. Baina esan beharra dago oso zaila dela laguntza horiek modu egokian banatzea. Burokrazia oso handia da eta batzuetan 100 euroko laguntza bat jasotzeko izugarrizko paper pila egin behar duzu. Edo zenbait kasutan zorpetzeko maileguen laguntza eskaini izan da, baina hori guretzat ez da laguntza, momentu honetan ezin dugulako gehiago zorpetu. Gure iritziz, laguntzarik onenak udalen bitartez bideratutakoak dira, gertuago daudelako eta hobeto kontrolatzen dituztelako.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Argi dagoena da honek luze joko duela. Kontsumoa oso behean dago, jendeak gastatzeko beldurra du eta aurrezte tasak inoiz baino altuagoak dira. Ondorioz, denda askok itxi egin beharko du, zoritxarrez. Zaila da esatea zenbatek itxi duen zehazki pandemiagatik, lehenagotik ere ixten ari zirelako, baina argi dago izango direla gehiago.

Honek luze joko du. Kontsumoa oso behean dago, jendeak gastatzeko beldurra du eta aurrezte tasak inoiz baino altuagoak dira. Ondorioz, denda askok itxi egin beharko du, zoritxarrez

 

«Herrietako lokal asko itxita eta baliorik gabe daude»

Oiartzungo kasuak ezin hobeto erakusten du denda txikiek bizi duten egoera. Alde batetik, azalera handiko bi gune ezagun ditu 70eko hamarkadaz geroztik eta orain Amazonek banaketa zentro berria jarri nahi du.

Zer eragin du horrek herriko merkataritzan?
Merkataritza gune handiak zabaldu zirenean erosketa ohiturak aldatu egin ziren, baina ez hori bakarrik. Ondare higiezin komertziala herriko jabeen eskuetatik inbertsio fondoen eskuetan kontzentratu zen. Orain, Amazonekin gauza bera gertatuko litzateke, pabiloia inbertsio fondo batek duelako eta Amazon alokairuan sartuko litzatekeelako. Eta bitartean, herrietako lokal asko itxita eta baliorik gabe.

Denda txikiak desagerrarazteaz gain, Interneteko plataforma erraldoietan erosiz gero, aberastasunak ihes egiten du Euskal Herritik…
Bai, noski. Alde batetik, irabaziak ez dira herriko saltzaileen artean geratzen eta zergak ere kanpora doaz, beraz ez dira herritarrengana itzuliko. Baina ez hori bakarrik, plataforma handi hauek diruaz gain, kontrola lortzen dute, informazioaren kontrola. Eta denok dakigu informazio hori ez dutela oso modu etikoan erabiltzen, beti dabiltzalako legearen mugak urratzen.

Amazonen plataforma logistikoaren proiektuak aurrera jarraitzen du?
Momentuz, eskaera egina dute, baina nik uste dut ez dutela erraza izango. Logistika zentro baten baimena lortu nahi dute, baina gure ustez merkataritza jarduera da beraiena, zuzenean kontsumitzaileari saltzen diotelako, eta horrek merkataritza guneen legearen kontra joko luke. Bestalde, Oiartzunen lehenago ukatu izan dira baimenak trafikoan sor daitezkeen arazoengatik, eta kasu honetan argi dago furgoneten joan-etorria asko handituko dela; beraz, zaila izango dute. Hala ere, hemen ezin badute, Donostiara edo beste edozein tokitara joango dira, legeen zirrikituren bat aurkitzen saiatuko dira.

 

«Jendeak arduratsu izan behar du nori ematen dion bere dirua» | Ekonomia | Naiz

AGENDA

Al As Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31

DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda

EUSKALDENDAK

Euskadendak Euskadiko Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen Konfederazioa

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.

Administrazioa

  • Andre Mari kalea 21
    20240 Ordizia, Gipuzkoa
  • 671 690 980
  • dendartean@dendartean.eus

MERKATARITZA BULEGO TEKNIKOA

  • Enparan Kalea 34
    20730 Azpeitia, Gipuzkoa
  • 943 025 673 | 688 823 944
  • otcdendartean@dendartean.eus