Jaurlaritzak lagunkoitasun-programa bat abiarazi du saltoki eta jatetxeentzat

Jaurlaritzak lagunkoitasun-programa bat abiarazi du saltoki eta jatetxeentzat, eta eskualdeetako merkataritza-bulegoen bitartez zabaltzeari ekin dio

Eusko Jaurlaritzak Establezimendu Lagunkoiak izeneko programa abiarazi du Euskadiko establezimendu publikoetan lagunkoitasuna bultzatzeko. Programaren barruan saltoki eta jatetxeetarako gida bat ere badago. Programak eta gidak kostu txikiko edo kosturik ez duten jardunbideak proposatzen dituzte enpresei adineko bezeroak erakartzen laguntzeko. Establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izatea da ekimenaren helburua, adineko pertsonen edo mendekotasunak dituztenen premietara egokiturik, horrelakoek bizimodua ahalik eta erarik autonomoenean ohiko ingurunean garatu ahal izan dezaten.

Euskadi Lagunkoia Sarearen barruko programa bat da. Sare horrek lagunkoitasuna sustatzen du gure udalerrietan. Halaber, sareak egiaztatu egingo ditu lagunkoitasunarekin bat egin eta lokalak egokitzen dituzten enpresak. Hartarako, establezimenduek erakusgai izango duten «lagunkoiak gara» zigilua ez ezik, Toki Lagunkoien Mapa eta Establezimendu Lagunkoien Gida ere sustatuko ditu.

Ekimen berria zabaltzeari ekin diote jada. Aste honetan hiru lurraldeetako eskualdeetako Merkataritza Bulegoetako teknikari arduradunei programa eta gida aurkeztu dizkiete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Merkataritzako zuzendari Jon Andoni Zaratek, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak eta Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Emilio Solak (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailekoak dira azken biak). Hemendik aurrera, ordezkaritza horiek emango diete programaren zein gidaren berri merkatarien eta/edo establezimenduen toki edo eskualdeko elkarteei. Programan interesa duten pertsonei eskaini beharreko prestakuntza-saioak antolatzen ere lagunduko dute.

Programak erraztasuna eman nahi die lagunkoiago bihurtu nahi duten establezimenduei gidaren eta aipatutako prestakuntzaren bitartez. Bat egin nahi duten establezimenduek, lehenik eta behin, autoebaluazioa egin beharko dute lagunkoitasunaren arloan non hobetu dezaketen jakin eta horren arabera joka dezaten, eta Euskadi Lagunkoia ekimenarekiko konpromisoa sinatu ere egin beharko dute.

Establezimenduen kudeatzaileentzako hainbat aholku eta jarraibide daude ekimenean, merkatariek eta ostalariek beraiek lokalak espazio lagunkoi bihur ditzaten eta, horri esker, bezeroaren arreta hobetu dezaten, baita langileen sentsibilizazio handiagoaren bitartez ere. Pertsona guztiei eta bereziki adineko pertsonei kalitateko zerbitzua emateko jarraibideak eta aholkuak dira, hartarako hainbat esparrutan izan ditzaketen beharrei erantzuna emanda (mugikortasun-galera, ikusmen- zein entzumen-urritasuna edota urritasun kognitiboa).

Uste da 65 eta 74 urte artean dituztenen % 30ek mugikortasun-zailtasuna dutela, eta ehuneko hori % 80ra iristen da 85 urte edo gehiago dituztenetan; 65-74 urteko pertsonen % 20k ikusteko mugaren bat dute, eta % 40k baino gehiagok 85 urtetik gorako pertsonen artean; 65 eta 74 urte artean dauden pertsonen % 30ek entzuteko mugak dituzte, eta proportzioa % 67ra igotzen da 85 urtetik gorakoen artean; dementziari dagokionez, gaur egun 10 pertsonatatik bati eragiten dio 65 urte baino gehiagoko pertsonen artean. 85 urtetik gorakoen artean, berriz, hirutik bati eragiten dio. Hori horrela, gure autonomia-erkidegoan 45.000 lagun egon daitezke egoera horretan.

Gidaren barruan honako aholku eta jarraibide hauek aurkituko ditugu: sarrera lurraren mailan ez badago, arrapala bat egitea; etxez etxeko zerbitzua abian jartzea; ate eta igarotzeko tokietan eremu zabala uztea; argiztapen artifizial egokia edukitzea; musikaren bolumena jaistea; alfonbrak kentzea, edo lurrari itsatsita jartzea; aulki edo banku bat jartzea itxaron bitartean atseden hartzeko; ikusmen ahuldurako betaurrekoak edo lupa bat edukitzea ikusmen-urritasuna dutenek produktuen zehaztapenak, informazioa, menuak eta abarrak irakurri ahal izateko; argi mintzatzea, eta behar adina errepikatzea; eta inprimatutako materiala hobetzeko aholku batzuk, besteak beste.

Berriki eginiko azterketaren arabera, 60 urte eta gehiago dituzten familien batez besteko kontsumoa 96,67 euro da astean, handiagoa 16-44 urteko biztanleena baino, beraz. Halaber, adineko pertsonak bezero leialak izaten dira, eskuratzen dituzten produktuak ongi ezagutzen dituzte, egunero erosten dute eta arreta pertsonalizatua eskatzen dute; horri esker merkatariarekin konfiantzazko harremana sortzen da.

 

Euskadi Lagunkoia

Euskadi Lagunkoiak Age-friendly Environments Programme ekimena du oinarri. Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako ekimen bat da, adinekoei eta komunitateei beren ahalmen guztia ustiatzeko eta beren ingurune, udalerri, herri nahiz hiriak eraikitzeko gizartean parte hartzeko aukera ematen dien tresna eraginkor bat, haien premia, nahi eta gaitasunen araberakoa. Orobat, babesa, laguntza eta segurtasuna ematen die, eta mugimenduaren nukleo eragile bihurtzen ditu, haiek ezartzen baititu proiektuaren garapenaren protagonista, eredugarri eta buru gisa.

Sarean Euskadiko 28 udalerri daude, hil honetan hiriburuek bat egin baitute (Bilbo, Donostia eta Gasteiz). Hori horrela, Euskadi Lagunkoia Sareari esker punta-puntan da Euskadi arlo horretan; izan ere, mundu osoan udalerri lagunkoi gehien dituen lurraldea da eta, ekimenera hiriburuak, hiriak eta tamaina guztietako herriak gehituta, nazioarteko erreferente bilakatu da.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, mugimenduaren bultzatzaileak, atxikimendua sinatuta, adineko pertsonentzat eremu lagunkoiak sortzeko Europako sarearen kide da Euskadi. Zahartze demografikoa era positiboan lantzeko arduran, aldaketa demografikoaren Europako Itunak hartu du AFE-INNOVNET sare tematikoaren lekukoa. Herrialde askotako erakunde publikoek, gizarte zibilaren erakundeek eta era guztietako erakundeek bat egin dute hitzarmen horrekin.

 

http://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/31139-gobierno-lanza-programa-amigabilidad-para-comercios-locales-restauracion-comienza-difundirlo-traves-los-tecnicos-responsables-oficinas-comarcales-comercio 

AGENDA

Al As Az Og Or Lr Ig

DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda

EUSKALDENDAK

Euskadendak Euskadiko Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen Konfederazioa

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.

Administrazioa

  • Andre Mari kalea 21
    20240 Ordizia, Gipuzkoa
  • 671 690 980
  • dendartean@dendartean.eus

MERKATARITZA BULEGO TEKNIKOA

  • Enparan Kalea 1
    20730 Azpeitia, Gipuzkoa
  • 943 025 673 | 688 823 944
  • otcdendartean@dendartean.eus