BEZIK GABEKO KANPAINA: GEZURRA EDO IRUZURRA

Gero eta enpresa gehiagok balio erantsiaren gaineko zerga, alegia, BEZa erabiltzen du bere produktuen prezio txikiagoak sustatzeko. Promozio batzuk eta besteak bereizteko asmoz, enpresa bakoitzak bere leloari ñabardura bat gehitzen dio. Hori horrela, honelakoak irakurri ditugu: Media Markten "BEZik gabeko egunak", Carrefourren "Aurreztu ezazu BEZa", Eroskiren "Dena BEZik gabe", El Corte Inglesen "Aurreztu BEZaren %21a", FNACen "BEZaren deskontua egiten dizugu" eta Orangeren azkena den "BEZik gabeko astea". Eta litekeena da beste batzuk ere izatea. Nahiz eta etengabe aipatu salmentak areagotu eta lana sortzeko berrikuntzaren garrantzia, enpresa batek zerbait asmatu eta gainerakoek kopiatu egiten dute.

 

Horrelako kanpainak kritikatuak izan dira komunikazio sozialeko hedabideetan argitaratutako artikulu eta komentario ugaritan. Halakoetan, nagusiki kontsumitzailearen ikuspuntuari buruzko kritika izaten da. Gaitzespenaren arrazoia da engainuzko publizitatea izatea, zeren eta, publizitateak adierazi ez bezala, BEZa ordaindu egiten baita kasu guztietan. Era berean, kritiken arabera, deskontua enpresek iragarritakoa baino txikiagoa da, eta askotan dendan bertan gastatu behar izaten da deskontu txarteletan jaso ohi delako. Kritikagarria da horrelako kanpainak erabiltzea denbora luzean stock-ean egon diren eta produktu berriak sartzeko laster kenduko diren produktuen salmenta azkartzeko. Komentario horien guztien asmoa jendearen kontzientzia kritikoan eragitea da, distira guztiak urre ez direla nabarmenduta.

 

Halere, horrelako publizitate kanpainetan bada beste alderdi bat gutxitan agertu arren garrantzitsua dena. Alegia, zergei buruz eta, zehazki, BEZari buruz ematen den irudia. BEZa produktu edo zerbitzu bat kontsumitzeagatik ordaintzen den zerga da, zerbait erostean edo zerbitzu bat hartzean denek ordaintzen dutena. Zerga horrek gauzen azken prezioa garestitzen du zuzenean. Gainera, prezio garestiago hori ikusgarria da: normalean fakturan aparteko ilara batean agertzen dira aplikatutako portzentajea eta ordaindutako kopurua.  

 

Bestetik, zerga horrek ez du diskriminatzen pertsona bakoitzaren egoera ekonomikoaren arabera; beraz, ez du izen onik jendearen artean, horrek ez duelako ulertzen zergatik BEZ bera ordaindu behar duten diru sarrera txikiak dituen batek eta diru ahalmen handia duen beste batek. Eta jendearen errefus hori gero eta handiagoa da, gainera, BEZaren tasa altuagoa denean, halaxe gertatzen baita gaur egun.

 

BEZaren bilketa foru ogasunek egin arren, zerga erregulatu eta tasak finkatzen dituen araudia Estatuak erabakitzen du. Zerga arloan burujabetza osoa izango bagenu, litekeena da BEZaren tasak bestelakoak izatea, baina horrek ez du esan nahi zerga egungo tasekin ados egotearen edo ez egotearen arabera ordaindu dezakegunik. Zilegi da ados ez egotea zergei buruzko gaien inguruko erabakimenaren mugekin edo indarrean dauden politika fiskalekin, baina horiek aldatzekotan gehiengoak osatu behar dira eta ez, ordea, jarrera indibidualistak sustatu, azken horiek ongizatearen estatua gero eta gehiago ahultzen baitute.

 

Gaur egun produktu eta zerbitzu gehienei aplikatzen zaien tasa orokorra benetan altua da. Eta horrek jendearen erreakzio negatiboa eragiten du, eta, hain zuzen, horretaz baliatzen dira enpresa handiak horrelako kanpainen bidez, denbora labur batean salmentak handitzeko asmoz.

 

Prezioak merkatzeko kanpainetan BEZa horrela erabiltzearekin batera, ondorio fiskalak eta ekonomikoak dituen mezu bat zabaltzen da. Horrelako publizitatearen eraginez, finkatu egiten da BEZa enpresari edo merkatariaren borondatearen arabera kobratu daitekeen edo ez daitekeen zerga delako ideia faltsua. Uste horrek ondorio latzak ditu autonomoengan eta enpresari txikiengan. Izan ere, beren aurrekontuak behin eta berriz errefusatuta ikusten dituzte, kontsumitzailearen galderaren aurrean, BEZa aukerakoa balitz bezala: "BEZarekin ala BEZik gabe?". Horrela, beren obligazio fiskalak betetzen dituzten negozioak posizio lehiakor okerragoan daude iruzurrez jokatzen dutenak baino. Horrelako praktika okerrek eragiten duten kaltea BEZetik harago doa, eta aitortzen ez diren diru sarreretara eta lan baldintzetan egiten diren bestelako abusu eta iruzurretara zabaltzen da.

 

Argi dago, horrelako kanpainek mesede eskasa egiten diote ekonomiaren funtzionamendu gardenari, elkartasun eta zintzotasunarekin zerikusi txikia duten baloreak bultzatzen dituzte, ez diote batere ekarpenik egiten babes sozial handiko sistema indartsu baten eraikuntzari eta, azkenik, ez dute laguntzen gizarte justuago eta solidarioago bat garatzen. Enpresa horien portaerak erakusten du batere ez daukatela gizarte erantzukizun korporatiboa deitzen duten eta kostu handiko txostenen bidez zuritzen duten hori.

 

Horregatik guztiagatik, salgaiak erakargarri bihurtzeko BEZik ez ordaintzeak jarrera maltzurrak sustatzen ditu gizartean eta, gainera, azkenean horiek gizartearen beraren kontra joaten dira. Bi aukera daude, beren promozioetan horrelako mezuak erabiltzen dituzten enpresa handiei dagokienez:  edo gezurretan ari dira edo, benetan BEZik ordaintzen ez badute, iruzurra egiten ari dira. 

 

ZALANTZA EXISTENTZIALAK

Diotenez, etengabe ditugu zalantzak. Dirudienez, esaldiaren arabera, zalantzak erruz etortzen zaizkigu gainera, eta noizean behin eraso ere egiten digute. Zalantza horietako asko gainetik kentzen ditugu lehen momentuan. Hortik aurrera, berriz, zailago egiten zaigu zalantzak gainetik kentzea. Badira hain erraz desagertzen ez diren bestelako zalantzak, egoera bati aurre egiten diogun bakoitzean errepikatzen direnak.

Azken mota horren barruan sartzen dira, adibidez, faktura bat egin behar izaten dugunean agertzen zaizkigun zalantzak. Nolako balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) aplikatu? Zer gertatzen da ordaindu ditugun fakturen BEZarekin? Nola jaso behar dugu BEZa gure fakturan? Eta BEZaren tasa desberdina bada?

Aztertu dezagun gin-tonica baten faktura baten adibidea. Osagai guztiek BEZ desberdina dute:

  • Lima: oso tasa murriztuko BEZa (%4) 0,72 + 0,03
  • Tonika: tasa murriztuko BEZa (%10) 0,48 + 0,05
  • Gina (ginebra): tasa orokorreko BEZa (%21) 3,30 + 0,69

Nola egin faktura?

Erraza da. Ikus dezagun. Lehendabizi, BEZik gabeko osagaien kostua erantsi behar da:

  • Lima 0,72
  • Tonika 0,48
  • Gina 3,30

Jarraian, eskulana gehitu behar da

  • Eskulana 2,00

Batura kalkulatzen da

  • Kostua 6,50

Baturari dagokion BEZa gehitu behar da. Taberna denez, %10eko tasa murriztua

  • BEZa (%10) 0,65

Guztira:

  • Gin-tonica, guztira 7,15

 

Horrela, errenta aitorpena egitean, salmenta horren irabazia izango da:

  • BEZik gabeko bukaerako prezioa 6,50
  • Horri osagaien kostua kendu behar zaio 4,50 (0,72 + 0,48 + 3,30)
  • Irabazia izango da: 2,00

Eta BEZaren aitorpenean:

  • Jasanarazitako (hau da, bezeroari kobratutako) BEZari 0,65
  • Jasandako (hau da, saltzaileak ordaindutako) BEZari kentzen zaio 0,77
  • Emaitza -0,12

Kasu honetan, Ogasunak 12 zentimo horiek itzuli beharko ditu.

Gaizki egindako faktura

Ez dakigun arrazoi batengatik, horrela egin beharrean, jendeak fakturan BEZa barne sartzen ditu kostuak, eta, hortaz, produktua edo zerbitzua garestiago egiten du, bezeroak BEZa bi aldiz ordaintzera behartuta. Honela egiten du faktura:

Osagaien prezio osoa (badaezpada, guzti-guztia):

  • Lima 0,75
  • Tonika 0,53
  • Gina 3,99

Eskulana gehituta:

  • Eskulana 2,00

Gin-tonicaren kostua izango da:

  • Kostu osoa 7,27

Horri dagokion BEZa gehitzen du (%10): 0,73

Guztira 8.

Gin tonika garestiagoa izateaz gain:

  • BEZik gabeko bukaerako prezioari 7,27
  • Osagaien kostua kentzen zaio 4,50 (0,72 + 0,48 + 3,30)
  • Irabazia izango da 2,77

Irabazia handiagoa da hasieran bilatzen zena baino, eta haren gainean pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZa) ordaindu beharko da.

Eta BEZaren aitorpenean:

  • Jasandako (hau da, bezeroari kobratutako) BEZari 0,73
  • Jasandako (hau da, saltzaileak ordaindutako) BEZa kentzen zaio 0,77
  • Emaitza -0,04

Kasu horretan, Ogasunak bakarrik 4 zentimo itzuli beharko luke, hau da, faktura zuzen eginez gero itzuli beharrekoa baino 6 zentimo gutxiago.

Faktura zuzen egiten ez bada, garestitu egiten dira bezeroei eskaintzen zaizkien produktu eta zerbitzuak. Gainera, bilatzen ez diren beste efektu batzuk ere baditu horrek, adibidez: pentsatutakoa baino gehiago ordaintzen bukatzea.

Zalantza existentzial horiek saihesteko modurik onena da antzeko egoeren aurrean berdin jokatzen ohitzea. Beti faktura egitea lagungarria da, adibidez, BEZari buruzko zalantzak desagertzeko.

http://www.ekonomiagardena.eus/es/buenas-practicas#aholkupraktikoak254482 

Gehiago kategoria honetan:

DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda: DENDAGO

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.