12 milioi euroko laguntzak emango dira sektore estrategikoetan efizientzia eta energia berriztagarriak ezartzeko

Interes berezikoak dira sektore industrialak, garraioa, hirugarren sektorea, Administrazio Publikoak eta biomasa, eguzki-energia termikoa eta geotermia aprobetxatzeko teknologiak

  • Aurreikusten da 40.000 tep-etik (petrolio-tona baliokideak) gorako energia-aurrezpena lortuko dela, 66.000 etxebizitzaren energia-kontsumoaren baliokidea; horrek esan nahi du Euskadiko energia-eskaria % 0,6 murriztuko dela.
  • Sektore eta teknologia bakoitzerako aurreikusitako partida guztiak 2015eko ekitaldian erabakiko dira hiru fasetan.
  • Euskadirako estrategikoa den industria sektoreak bere partida izango du energia-eraginkortasuneko hobekuntzak eta iturri berriztagarriak (eguzki-energia termikoa eta geotermia, esaterako) ezartzeko.
  • Interes bereziko teknologiek (biomasa-galdarak, adibidez) 750.000 euroko zuzkidura espezifikoa izango dute; Euskadin marjina handia dago iturri berriztagarri horren erabilera areagotzeko eta Europako iparraldeko mailen antzeko mailak lortzeko.
  • Garraioaren sektoreak milioi bat euroko zenbatekoa du ibilgailu elektrikoak edo gas-ibilgailuak erosteko, baita ibilgailu horiek kargatzeko puntuak jartzeko ere.

Energiaren Euskal Erakundeak –Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren mendeko Eusko Jaurlaritzaren energia-agentziak– 2015eko maiatzetik irailera bitarte 11 laguntza-programa jarriko ditu abian energia aurrezteko inbertsioak eta proiektuak ez ezik, energia berriztagarrien inbertsioak eta proiektuak ere babesteko. Bihar argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak programa hauen lehenengo tanda.

Laguntza horiek aurrezteko ahalmen handia eta energia-iturri garbiagoak (energia berriztagarriak, adibidez) ezartzeko gaitasuna duten jarduera-sektore estrategikoetara bideratu dira; horregatik, sektore horietako bakoitzak laguntza-neurri espezifikoak izango ditu. Era berean, etxeko eremuan leihoen eta etxetresna elektrikoen Renove Planak errepikatuko dira. Laguntza-programa guztiek 12 milioi euroko zuzkidura izango dute, eta espero da Euskadiko energia-eskariaren % 0,6aren pareko aurrezpena lortzea

Laguntzak hainbat jarduera-sektore espezifiko babestera bideratuta daude, hala nola industria, garraioa, Administrazio Publikoak eta hirugarren sektorea. Euskadiko ekonomiari egiten dioten ekarpena dela medio eta haien energia-kontsumoaren maila dela medio hobetzeko marjina zabala duten jarduera estrategikoak dira. Gauzak horrela, aurreikusten da laguntzak emango direla interes berezia duten teknologiak ezartzeko. Teknologia horiek interes berezia dute eraginkortasun handia dutelako eta inportatutako iturri fosilen kontsumoa murriztuko duten energia garbiagoak erabiltzen laguntzen dutelako.

Laguntza-plan horren kudeaketa eta aurreko ekitaldietako kudeaketa alderatzen baditugu ikusiko dugu berrikuntza bat dagoela; izan ere, ahalegin handia egin da aurreikusitako aurrekontu-partida aurten osorik emateko. Horrela, laguntzari buruzko ebazpenak ez dira etorkizuneko ekitaldietarako konprometituko, eta, era berean, ez dira aurreko ekitaldietako konpromisoak eramango; beraz, aurreikusitako aurrekontu guztiak 2015eko ekitaldira bideratuko dira. Horrekin lortuko dakudeaketa eraginkorragoa izatea eta onuradunei eman beharreko laguntzei buruzko erabakiak bizkorrago hartzea.

Gainera, Euskal Erkidekoan zabalduko diren diru-laguntza hauek, Estatu espainolak (IDAE erakundearen bidez) emango dituen laguntzak osatzera datoz. Erkidegoaren kasuan, hala ere, programak zabalagoak eta anitzagoak dira sektore eta atal gehiago betetzen baitituzte.

Intereseko sektoreak

Industria lehentasunezko sektorea da, eta aurrekontu-zuzkidura handiena du. 3 milioi euro bideratuko dira energia-eraginkortasuneko neurriak ezartzeko eta ISO arauetan oinarritutako energia-kudeaketako sistemak ezartzeko. Energia-eraginkortasuneko neurri horiek ekipamenduen berrikuntza, industria-eraikinen energia-birgaitzea, kogenerazioak abian jartzea eta auditoria integralak egitea biltzen dituzte. Energia berriztagarriei dagokienez, sektore horretan laguntzak emango dira eguzki-teknologia termikoaren industria-ezarpenerako eta elkartruke termikorako.

Garraioaren sektoreak eta hirugarren sektoreak (zerbitzuak) 3 milioi euroko zuzkidura dute elkarrekin.

Garraioaren sektoreak milioi 1 euroko laguntza izango du jardun multzo handi bat gauzatzeko, jatorri fosila duten erregaien kontsumoa garraioan murriztera bideratuta dauden jardunak gauzatzeko, hain zuzen ere. Laguntzak emango zaizkie energia elektrikoa edo erregai alternatiboak (Gas Natural Likidotua edo gas naturala, esaterako) erabiltzen dituzten ibilgailuak (turismoak, profesionalak, garraio astuna) erosteko, ibilgailu horiek guztiak kargatzeko azpiegiturakjartzeko eta flotak nahiz jardun pilotuak hobeto kudeatzeko planak egiteko. Halaber, bultzatuko da Euskadiko hiriguneetan bizikleta garraiobide gisa erabiltzea.

Hirugarren sektoreari dagokionez, 2M€ izango ditu instalazioen eta eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko, kogenerazioak jartzeko eta energia-auditoriak egiteko. Industriak bezalaxe, eguzki-instalazio termikoek eta instalazio geotermikoek ere jasoko dute laguntza.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburuetako bat da Euskadiko Administrazio Publikoak erreferente bat izatea energia kudeatzearen eta energiaren kontsumo eraginkorraren alorrean. Helburu hori izanik, administrazioei bideratutako laguntzekin lortu nahi da energia-hobekuntzari laguntzea kanpoko argiteriak, lehendik dauden eraikinetan (haien klimatizazioa nahiz inguratzailea eta monitorizazioa) jardunak eginez, baita energiaren alorrean jardun beharreko hobekuntza-puntu nagusiak atzematea ahalbidetuko duten auditoriak eginez ere. Hori guztia egiteko, 1,5 M€ izango ditu.

Jardun estrategikoak

Aipamen berezia merezi dute teknologiei emango zaizkien laguntzek; izan ere, sektore jakin bakar batean sartuta ez badaude ere, estrategikotzat hartzen dira eta beren aurrekontu-partidak dituzte. Jarduera horien artean nabarmendu behar da instalazioei emango zaien laguntza espezifikoa biomasaren energia berriztagarria aprobetxatzeko. Zehazki, 750.000€-ko laguntza emango da ur beroa eta berokuntza sortzeko biomasa-galdarak jartzeko. Biomasa (pelleta, ezpalak, baso-hondakinak eta jatorri organikoa duten bestelako materiak) Euskadin oso ugaria den baliabide berriztagarria da, eta Euskadin oraindik marjina zabala dago baliabide hori erabiltzeko Europa iparraldeko mailen antzekoak lortu arte. Helburua zera da, biomasaren erabilera areagotzea tamaina ertaineko eta handiko instalazioetan, baita banaketa-sareak sortzea ere, biomasaren kontsumoa hobetzea eta erabiltzaile kopurua handitzea ahalbidetuko duten sareak, alegia. Instalazio mota horrek izandako igoeraren adibide gisa, aipatu behar dugu 2014. urtean, Euskadin, biomasaren 600 instalazio berri inguru jarri zirela abian, instalatutako potentzia 17 MW izanik guztira.

Diru-kopuru bera, hots, 750.000€, emango da jardunak laguntzeko Energia Zerbitzuetako Enpresen (EZE) kontratuen formularen bitartez. Kontratazio mota horri esker, enpresa horietan esternalizatu ahal izango dira energia-hobekuntzak egiteko beharrezkoak diren inbertsioak eta ohiko finantzaketa-eredua erabiliz arriskuan egon litezkeen zenbateko handiko aurrekontuak. Horrela, energiaren prezioa txikiagoa izango da teknologia eraginkorragoak eta iturri berriztagarriak erabiliko direlako, eta instalazioa hainbat urtetan amortizatuko delako. Urte horiek igaro ondoren, titulartasuna ekimenaren sustatzaileari emango zaio berriro. Formula horren bitartez, hobekuntzak egin ahal izango dira kaleko argiterian, eraikinen klimatizazioan, kanpoko iluminazioan eta inguratzaile termikoan, baita eguzki-energia termikoaren, energia fotovoltaikoaren, geotermiaren eta energia eoliko txikiaren instalazioan ere. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzaren 100 EZE Planean biltzen dira. Plan horren bitartez lortu nahi da euskal administrazioa erreferente izatea eraginkortasun handiko kontratazio mota horretan.

Hainbat teknologiari laguntzea estrategikotzat hartzen da, eta teknologia horien esparruan, sortzen ari diren energia berriztagarriak funtsezkoak dira. Zehazki, itsas energiek 500.000 euroko zuzkidura izango dute teknologia berriak erakusteko eta balioesteko inbertsioei laguntzeko.

Beste jardun batzuek, hala nola instalazio elektrikoak berritzeko egindako inbertsioek eta elektrizitatea sortzeko energia berriztagarriak instalatzeko inbertsioek 250.000€-ko zuzkidura izango dute.

Azkenik, eraginkortasun handiko etxeko ekipamenduak berritzera bideratutako laguntzek, hots, etxeko sektoreko Renove Planak deitutakoek 2 milioi euroko zuzkidura izango dute oro har. Etxetresna Elektrikoen Renove Plana (1 M€) uztailean hasiko da eta aparatu zaharren ordez energia-eraginkortasun handiko (A+++) beste aparatu batzuk jartzen lagunduko du. Leihoen Renove Planari dagokionez, (1 M€) irailean hasiko da eta lehengo itxituren ordez isolamendu handia eta energia-aurrezpena bermatuko duten beste itxitura batzuk jartzen lagunduko du.

Laguntzak jasotzeko modukoak diren jardun horiei guztiei esker, espero da 40.000 tep-etik (petrolio-tona baliokideak) gorako energia-aurrezpena lortzea, hau da, 66.000 etxebizitzaren kontsumoaren baliokidea den energia, edo, beste hitz batzuetan esanda, Euskadiko energia-eskariaren % 0,6.

Energiaren Euskal Erakundea - 2015eko laguntza-programa

 

Sektorea

Proposatutako jardunak

Zuzkidura (€)

Hasiera-data

Industria

Energia-eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan inbertsioak egiteko laguntzak.

3.000.000

Maiatza

Garraioa

Garraioan eta mugikortasun efizientean inbertsioak egiteko laguntzak.

1.000.000

Maiatza

Hirugarren sektorea

Energia-eraginkortasunean eta energia berriztagarrien erabileran inbertsioak egiteko laguntzak.

2.000.000

Maiatza

Administrazio Publikoak

Energia-eraginkortasunean eta energia berriztagarrien erabileran inbertsioak egiteko laguntzak.

1.500.000

Maiatza

Beste jardun batzuk

Biomasaren energia aprobetxatzeko instalazioetan (galdarak) inbertsioak egiteko laguntzak.

750.000

Maiatza

Energia Zerbitzuetako Enpresen bitartez inbertsioak egiteko laguntzak.

750.000

Maiatza

Elektrizitatea sortzeko energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko laguntzak.

250.000

Maiatza

Bizitegi-sektorean instalazio elektrikoak berritzeko inbertsioak egiteko laguntzak.

250.000

Maiatza

Itsasoko energia-teknologia berriztagarriak erakusteko eta balioztatzeko inbertsioak egiteko laguntzak.

500.000

Uztaila

Renove Planak

Etxetresna elektrikoen Renove

1.000.000

Uztaila

Leihoen Renove

1.000.000

Iraila

         

 

 http://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/26322-millones-euros-ayudas-para-implantar-eficiencia-las-energias-renovables-sectores-estrategicos 

 

DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda

EUSKALDENDAK

Euskadendak Euskadiko Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen Konfederazioa

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.