TURISMO JOERA HANDIKO EREMUAK (ZGAT) ETA BILBOKO HIRIGINTZA PLANEAN ALDAKETAK

Aspaldidanik ari gara esaten, Turismo Joera Handiko Eremuak (ZGAT) izendatzearen atzean soilik enpresa handien onurarako den erabateko ordutegi liberalizazioa ezkutatzen dela. Dagoeneko publikatuta dauden eta proiektuan dauden lege eta dekretuek, ez bakarrik hiriburuak, EAEko herri asko Turismo Joera Handiko Eremu (ZGAT) izendatu ditzakete, erabateko ordutegi liberalizazioarekin.

Honetaz gain, Bilbo turismo eremu izendatzeko (inola ere ez izanik) egindako ahaleginengatik susmatzen genuen beste zerbait ere argitara atera da: merkataritza-hirigintza-higiezin eragiketa ikaragarria, Bilbo banaketa enpresa handien paradisua bilakatzeko.

Bilboko hirigintza plan orokorra aldatu berri da. Bilboko kanpoaldeko industrigune guztiak 25.000 metrorainoko merkatal gune izateko baimena emateaz gain, enpresa handiak Bilboko erdigunera etor daitezen erabateko malgutasuna eskaintzen die; inguruko hirigintza guztia beren eskura eta zerbitzura jarriaz eta Bilboko merkataritza plan berezitik atereaz, aparkaleku, karga eta deskarga, soinu, zaborretan, eta abarretan inongo arazorik izan ez dezaten.

Gai hauen barne dago baita ere Gran Vian dagoen eta 33.000 metro karratu dituen BBVA eraikinaren salmenta eta eraldaketa, merkatal zentru bilakaturik.

Orain hobeto ulertzen dugu Bilboko udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Bilboko eremu handi bat turistikoa izendatzearen interesa. Honek Hirigintza Plan Orokorrak onartzen dituen higiezinen negozioei mesede izugarria egiten baitie.

Bilboko udalaren nahia hirigintza eta ordutegi araudiaz baliatzea da, guztia beren eta banaketa enpresa handien interesera, Euskadiko merkataritza zentrua bilakatzeko eta besteak konpon daitezela ahal duten moduan.

Hau guztia dela eta, Euskadiko merkataritza eta hirigintza legedian parte hartu behar dugu, guztion interesera egin dadin eta ez Bilboko Udala bezalako interes partikularren onurarako, hauek ez baitira Bilboko merkatarien onurarako. Azken hauek badakite baldintza horietan desagertu egingo direla.

Hau guztia aldatzeko garaiz gaude, eta horretarako, Merkatari eta herritarren laguntza eskatzen dugu. Guztion artean egin dezakegu. Ez dugu gizarte eredu hau nahi.

 

 

DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda: DENDAGO

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.