Gipuzkoako 1.400 denda eta tabernatan Zero Zabor norabidea sustatuko dute Dendartean elkarteak eta Foru Aldundiak

Bi erakundeek hitzarmena sinatu dute gaur

 

Dendartean elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ostalaritza eta merkataritza sektorean hondakinen sorrera prebenitzeko sentsibilizazio plan bat diseinatu eta ezarriko dute hiru helbururekin: Zero Zabor filosofía txertatzea, hondakin kopurua gutxitzea eta kudeaketa egoki bat garatzea. Sentsibilizazio planak Dendartean elkarteko bazkide guztiei eragingo die: merkataritza eta ostalaritza arloko 1.400 enpresari, hain zuzen. Foru Aldundiak 60.000 euro bideratuko ditu plana diseinatu eta gauzatzeko. Bi aldeek hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian: Dendartean elkartearen izenean, bertako lehendakari Amador Viterik eta Foru Aldundiarenean, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkinek. Dendarteaneko lehendakariorde den Bitor Lizarribar ere bertan izan da Amador Viteri lehendakariarekin batera.

 

Dendartean eta Foru Aldundiak diotenez, ezinbestekoa da garapen sozioekonomikoan praktika iraunkorrak txertatzea, eta horregatik, konpromisoa hartu beharra dago. Bi aldeek diote hondakinen kudeaketa erronka garrantzitsua dela eta eredu tradizionala eraldatu behar dela, lineala delako: “Hondakinen sistema linealak zabor kopuru handiak sortzen ditu, eta hondakinen kudeaketa ixteko ingurumenari kalte egiten dioten zabortegiak eta erraustegiak behar dira”. Horren aurrean, Dendartean eta Foru Aldundiak sistema zirkularraren alde egiten dute, produktuen bizitza zikloa luzatzea ahalbidetzen duelako, eta ildo horretatik, prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena ardatz dituen eredua proposatzen dute. Alor honetan, merkataritza eta ostalaritzak garrantzi handia dute, hondakinen zati handi bat sortzen dutelako. Beraz, funtsezkoa da sektore honetan prebentzioa eta hondakinen gaikako bilketa egokia sustatzea.

 

Dendarteanetik honako hau azpimarratu nahi izan dute:

“Dendarteanen Gipuzkoako merkataritza eta ostalaritza establezimendu txikiak biltzen gara, herriguneetan kokatuak gaude eta iraunkortasunaren eredu gara, arlo ekonomikoan, gizarte arloan eta ingurumenean. Honek guztiak duen garrantzia kontuan hartuta, eta gureak bezalako negozio txikientzat indarguneak direla kontziente izanik, iraunkortasunarekin dugun lotura ezagutarazi nahi dugu eta gure esku dagoen guztia egiten jarraitu, bai establezimenduetan eta baita hornitzaile eta bezeroekin ditugun harremanetan ere. Izan ere, hornitzaile eta bezeroek apostu honetan parte hartzea oso garrantzitsua da guretzat.” Baieztatu du Bitor Lizarribar, Dendarteaneko lehendakariordeak.

Instituzioen laguntza ere ezinbestekoa dugu gure establezimendu txikiak eta hauen egoera hobetzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman nahi dizkiogu eskaini digun laguntzagatik.

Guztiok batera Gipuzkoa hobearen aldeko apostu sendoagoa egin dezakegu, gure herrien alde, herritarren alde.” Gaineratu du.

 

Hitzarmenaren arabera, inkesta bat egingo da Dendarteanek ordezkatzen dituen denda eta taberna eta jatetxeen artean, diagnostikoa egiteko. Ondoren, sentsibilizazio plan bat diseinatu eta ezarriko da, informazioa zabaltzeko eta praktika onak identifikatzeko eta gauzatzeko.

 

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak zoriondu egin du Dendartean elkartea: “Denon artean, erritmo ezberdinez, hondakinak ondo kudeatzeko bidea egiten ari gara Gipuzkoan: gero eta gehiago birziklatzen dugu, eta gero eta gutxiago bidaltzen dugu zabortegira. Eta bide honetatik, laster, zabortegirik ere ez dugu izango. Dendarteanek ordezkatzen duen sektoreak berebiziko garrantzia du apustu horretan. Horregatik, zoriondu egin nahi ditut, konpromisoa hartu dutelako”.

 

Birziklapenaren aldeko apustua erabat logikoa dela gaineratu du Iñaki Errazkinek. “Ez soilik ingurumenarentzat ona delako, garbiagoa delako, herritarren osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen azpiegiturak alde batera uzteko aukera ematen duelako edo iraunkorrena delako etorkizunari begira. Baita ekonomikoki eraginkorrena delako ere: birziklapenari esker, baliabideak eta dirua aurrezten ditugu. Horixe da hondakinak kudeatzeko sistema zirkularra: eredu ekonomiko eraginkorrena, Europa osoan, baliabide eskasiari aurre egiteko, bultzatzen ari dena”.

AGENDA

Al As Az Og Or Lr Ig

DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda

EUSKALDENDAK

Euskadendak Euskadiko Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen Konfederazioa

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.

Administrazioa

  • Andre Mari kalea 21
    20240 Ordizia, Gipuzkoa
  • 671 690 980
  • dendartean@dendartean.eus

MERKATARITZA BULEGO TEKNIKOA

  • Enparan Kalea 1
    20730 Azpeitia, Gipuzkoa
  • 943 025 673 | 688 823 944
  • otcdendartean@dendartean.eus