Patronalen talka Gipuzkoan

Dendartean enpresaburuen elkarteak metaleko eta ehungintzako saltokien ituna hitzartu du ELA, LAB eta CCOOrekin

Patronal horrek ordezkaritzaren erdia ez duenez, haren aplikazioa kolokan dago

 

Metaleko, ehungintzako eta larruen merkataritzako lan hitzarmenerako akordioaren oinarriak finkatu dituzte ELAk, LABek, CCOOk eta Dendartean patronalak. Haren aplikazioa, ordea, ez da derrigorrezkoa izango oraingoz. Hitzarmen bat erregistratu ahal izateko, ordezkaritzaren erdia behar dute bai sindikatuek, bai enpresaburuen elkar- teek. Sindikatuena aise betetzen dute, hiru kasuetan %85etik gorakoa baitute hiruren artean. Dendartean, ordea, ez da iristen %50era. Hala, adostutakoa enpresei aurkezteari ekingo diote orain, ahalik eta gehien atxikitzeko, eta ehuneko horretara iritsiz gero, «lehenbailehen» erregistratzeko. 

«Negoziazio mahaia desblokeatu ahal izateko eman dugu pauso hau», adierazi du Amador Biteri Dendartean-eko presidenteak. «Kaos» gisa definitu du gaur egungo egoera, ez baitago erregistro publikorik patronal bakoitzak zenbat kide dituen eta zenbat langile ordezkatzen dituen jakiteko. Kate handiak, esaterako, ez daude inongo elkartetan. «Guk 1.300 enpresaren afiliazioa dugu, eta 3.230 langilekoa. Horrez gain, kide ez diren beste enpresa askok eman digu euren partea lan hitzarmena negoziatzeko». Datu horiekin, %25eko ordezkaritza dagokio Dendartean-i. «Orduan besteek esaten dute, automatikoki, %75 dagokiela, baina inondik inora ez».

Besteak Adegi, Merkataritza Federazioa eta Aega dira. Horien proposamena da merkataritza orokorreko hitzarmena aplikatzea azpisektore guztiei. Sindikatuen esanetan, %15 eta %25 arteko soldata galera dakar —uztailean sinatu zuten hura—. Dendartean-ek eta ELAk, LABek eta CCOOk adostutako proposamenak dio, berriz, ultraaktibitatea mugagabe mantenduko dela, igande eta jaiegunetan lan egiterik ez dela izango, eta itun urraketa soilik langileen oniritziarekin aplikatu ahal izango dela. Soldatei dagokienez, aurreko urteak ere kontuan hartuko dira eguneraketa egiteko: 2010ean KPI igoera izango da; 2011n eta 2012an %2koa; 2013an %1,5ekoa eta aurten KPIaren %85ekoa. Metalaren kasuan, 2009an ere KPI adinako igoera izango dute langileek. Ez dute zehaztu zenbat langile aritzen diren hiru azpisektoreetan.

Hain zuzen, 2009tik ari dira negoziatzen metalaren merkataritzako hitzarmena, eta 2010etik ehun eta larruena. Sektoreko hitzarmena izatearen garrantzia nabarmendu du Biterik. «Hitzarmen probintzialak interesatzen zaizkigu guri. Imajinatu: denda bat dut nik, eta parean beste bat irekitzen didate. Hark langileari soldata erdia ordaintzeko aukera badu, nire egoera asko okertzen da. Zer egin behar diot, betiko langileari soldata jaitsi?». Patronaleko presidentearen iritziz, gainera, adostutako «puntu guztiak» dira garrantzitsuak. Bereziki aipatu du igande eta jaiegunetan lan egitearen debekua.

Adostutakoaren pozik agertu dira langileen ordezkariak ere. «Ikusi da sektoreko hitzarmenetan ere akordioak lor daitezkeela. Gipuzkoan, negoziazioa patronal historikoek blokeatzen dute», adierazi du Ana Sebal LABeko ordezkariak.

Bizkaian gertatutakoa

Patronal bakoitzak duen ordezkaritzari buruzko ezagutza falta agerian geratu zen Bizkaian ere. Bizkaidendak-ek eta ELAk Bizkaiko ehungintzako langileentzat ituna sinatu zuten —Bizkaidendak nahiz Dendartean biak dira Euskodendak-eko kide—. Cecobik, ordea, helegitea jarri zion hitzarmenari, ez zuelako uste beste patronalak nahiko ordezkaritza duenik.

Joan den astean izan zen epaiketa. Bizkaidendak-ek jakinarazi zuenez, Merkataritza Ganberan erregistratutako datuen bidez erakutsi zuen ordezkaritza handiena duela. Datu horien arabera, 2.500 enpresa afiliatu ditu Bizkaidendak-ek eta 2.100 inguru Cecobik. Epaileak kopuru hori balekotzat emango balu, hitzarmenak erabateko balioa izango luke, Bizkaidendak-ek izango lukeelako patronalen artean ordezkaritzarik handiena, eta ELAk era %53koa duelako ehungintzako merkataritzan. Apiril bukaerarako espero da epaia. 

Gipuzkoan Dendartean-ek eta ELAk, LABek eta CCOOk adostu duten hitzarmenaren oso antzekoa da Bizkaian Bizkaidendak-ek eta ELAk sinatutakoa.

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2014-03-12/013/001/patronalen_talka_gipuzkoan.htm 

AGENDA

Al As Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31

DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda

EUSKALDENDAK

Euskadendak Euskadiko Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen Konfederazioa

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.

Administrazioa

  • Andre Mari kalea 21
    20240 Ordizia, Gipuzkoa
  • 671 690 980
  • dendartean@dendartean.eus

MERKATARITZA BULEGO TEKNIKOA

  • Enparan Kalea 1
    20730 Azpeitia, Gipuzkoa
  • 943 025 673 | 688 823 944
  • otcdendartean@dendartean.eus