Donostiako kontsumo kontziente eta arduratsuari buruzko ikerketa aurkeztu du Saretuz-ek

Saretuz sareak kontsumo kontziente eta arduratsuaren gainean Donostian egindako ikerketa aurkeztu dute gaur. Aurkezpenean izan dira Jon Albizu, Lankidetza, Gizarte Ongizate eta Mugikortasuneko zinegotzia; Olaia Larruskain, Emaus Gizarte Fundazioko ordezkaria; Xabier Martinez, Mugarik Gabe elkarteko kidea, eta Manu Gonzalez, Cristina Enea Fundazioko ordezkaria.

Saretuzek, Donostiako Udalaren babesarekin eta Cristina Enea Fundazioaren laguntza teknikoarekin egin du ikerketa, “elementu oinarrizkoen kontsumo ohiturei buruz datu kuantitatibo eta kualitatiboak jasotzeko, baita ekoizpen, banaketa eta komertzializazioari buruz ere”.

Ikerketa horren laburpena denen eskura jarri dute, baina aurkezpenean Saretuz dinamizatzen duten kideek datu batzuk nabarmendu dituzte:

  • Donostian, kontsumitzaileek erosterakoan gehien baloratzen dutena arreta pertsonala da (%25,2) prezioa merkea izatea baino gehiago (%24,8).
  • Nahiz eta arreta pertsonala asko baloratu, donostiarrek erosketak gehienbat supermerkatuan egiten dituzte ( %43), bigarren postuan ohiko dendak  daude (31,8%), gero hipermerkatuak (20,5%) eta azkenik hornidura-azokak 4,5%.
  • Erosketak egiteko ordutegi ohikoenari dagokionez, bai elikadura eta bestelakoak erosteko, goizeko eta arratsaldeko azken orduak nabarmentzen dira, eta egun ohikoena, berriz, ostirala da.
  • Saltoki txikizkari gehienak “eguneroko elikaduran” sailka daitezke (960 lizentzia) eta ondoren arropak, jantziak eta zapatak saltzen dituzten dendak (840 lizentzia) daude.
  • Donostiako saltoki txikizkarien hornitzaileen %70a EAE Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoa da, eta ostalaritza eta ostatuen kasuan portzentaje hori %34ra jaisten da.
  • Azken urteotan, harategi eta arrandegi asko itxi dituzte eta bestetik fruta-denda eta okindegi gehiago ireki dituzte.
  • Saltoki txikizkari gehien duten auzoak, Gros, Amara Berria eta hiriko erdialdea dira.
  • Erroldatutako esplotazioen %13ak dute bakarrik familia-unitatearen mantenu ekonomikorako bideragarritasuna bestelako diru ekarpenik behar izan gabe.

Emaitzak ikusita, Saretuzek Donostiako produktuak gehiago kontsumitzera animatu ditu donostiarrak: “Dudarik gabe, bertako baserritarren bizi baldintzen hobekuntzarako eta orokorrean bertako ekonomia indartzeko lagungarria izango litzateke hiritarrek bertako eta sasoiko produktuen kontsumo handiagoa egitea, Donostian aukeran ditugun bideak erabiliz; ohiko merkatuak, merkatu ibiltariak, betiko dendak, bertako produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarteak, baserritarrekin zuzeneko kontsumoa egiten dutenak…”.

Jon Albizuk gogorarazi du kontsumo joeren eta ohituren gaineko argazki bat ematen duela ikerketak, Donostian kontsumo kontziente eta arduratsua sustatzeko lan ildoak, helburuak eta ekintzak ahalbidetzeko: “Oso lan baliagarria da, batetik, orain arte ezagunak ez ziren datuak jasotzen direlako, datu kuantitatibo eta kualitatiboak, ekoizpen, banaketa eta komertzializazioari buruz, eta, bestetik, honetan oinarrituta aurrera begirako neurriak eta ekintzak zehaztea ahalbidetuko duelako”.

Gizarte eredu berria

2011ean sortu zuten Saretuz ekimena, kontsumo kontzientea eta arduratsua sustatzeko. Bertan hainbat elkarte daude elkarlanean helburu berdin batzuen inguruan.

Albizuk, eskerrak eman dizkio sareari, egiten duen lanagatik: “Udaletik egiten duten lana eskertu nahi dugu, bereziki, Emaus Gizarte Fundazioa eta Mugarik Gabe elkarteek. Alor ezberdinetan egiten dute lan, beti, egoera zailenetan daudenei begira eta egungo gizarte eredua aldatzeko filosofiarekin”.

Gizarte eredua aldatzearen beharra nabarmendu du zinegotziak: “Argi dago beste gizarte eredu bat aldarrikatu behar dugula, beste ekonomia eredu bat, beharrak asetzeko produkzio eta truke sistema, eta pertsonak oinarrian izango dituena. Gauza asko dauzkagu aldatzeko mundu bidezkoago bat lortzeko, batetik, bidezko merkataritza sustatu, merkataritza zuzena, bitartekaririk gabekoa, bertako elikagaiak erosiaz, tokian tokikoak, ekologikoak ahal dela, eta gauden garaiari dagozkionak, saltoki txikietan, gure auzoan eta kalean, bigarren eskuko azokak ahaztu gabe, erosi behar dugun hori benetan behar ote dugun pentsatuaz. Honek guztiak pertsonen bizi kalitatean dauka eragina, eta noski baita bertako ekonomian ere bai“.


http://gaur.donostia.org/donostiako-kontsumo-kontziente-eta-arduratsuari-buruzko-ikerketa-aurkeztu-du-saretuz-ek/

AGENDA

Al As Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31

DENDAGO

Euskal Herriko merkatarien online denda

EUSKALDENDAK

Euskadendak Euskadiko Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen Konfederazioa

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.

Administrazioa

  • Andre Mari kalea 21
    20240 Ordizia, Gipuzkoa
  • 671 690 980
  • dendartean@dendartean.eus

MERKATARITZA BULEGO TEKNIKOA

  • Enparan Kalea 1
    20730 Azpeitia, Gipuzkoa
  • 943 025 673 | 688 823 944
  • otcdendartean@dendartean.eus